Zekale artean harrapaka
Zekale artean harrapaka | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Jerome David Salinger (1951) |
Argitaratze-data | 1951ko uztailaren 16a |
Generoa | Eleberria |
Jatorrizko izenburua | The Catcher in the Rye |
Argitaletxea | Little, Brown and Company (en) |
Herrialdea | AEB |
Orrialdeak | 266 orr. |
Formatua | Inprimatua (azal gogor eta biguna) |
ISBN | 84-7529-979-2 |
OCLC | 287628 |
Euskaraz | |
Izenburua | Zekale artean harrapaka |
Itzultzailea | Iñaki Iñurrieta |
Argitaratze-data | 1991 |
Bilduma | Argitaratutako azken liburuak |
Orrialdeak | 266 |
ISBN | 9788475299792 |
Zekale artean harrapaka (jatorrizko ingelesezko izenburuan The Catcher in the Rye) J. D. Salinger idazlearen eleberri bat da. 1951n Estatu Batuetan argitaratzeko garaian nerabeen kezkei eta sexualitateari buruz modu zuzenean hitz egiteko era zuela eta, esamesa eta eztabaida ugari piztu zituen. Aditu askok XX. mendeko liburu nabarmenenetakotzat jo dute. Idazleak bizi artean argitaratutako lehen eta azken nobela izan zen[1].
Holden Caulfield pertsonaia nagusia nerabeen erresuminaren ikur bilakatu da. Lehen pertsonan idatzia, Zekale artean harrapaka idazlanak Holden gaztea Pencey Prep bigarren mailako ikastetxetik kaleratu osteko New York hiriko bere bizipenak deskribatzen ditu.
Izenburua liburuan bertan agertzen den olerki baten aipamenetik dator, "umeak amildegitik behera amiltzea" ekiditen duen "zekale artean harrapaka dabilen zaindari" bati buruz mintzo delarik.
Euskarara Iñaki Iñurrieta itzultzaileak ekarri zuen 1991an, Elkar argitaletxearen eskutik.(Egun online doan irakur daiteke)[2].
Laburpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Liburuak Holden izena duen 16 urteko gazte baten istorioa kontatzen du.Gabonak baina pixka bat lehenago, Pennsylvanian dagoen Pencey izeneko ikastetxetik bota berri dute, eta bere kabuz New Yorkera joatea erabakitzen du, bertakoa baita bere familia. Holden ikasle txarra da, ikastetxe ugaritatik bota dute jada, eta, salbuespen batzuk kenduta (bere neskalagun-ohia Jane, kasu), jende gehiena "faltsua" dela pentsatzen du.
New Yorkera iristean, gurasoenera joan ordez, hotel txiki eta merke batean hartzen du ostatu. Hirian barrena ibiltzen da, neska batzuk ezagutzen ditu, eta haiekin pasatzen du denbora. Gelara itzultzean, igogailuko arduradunak gaua puta batekin pasatzeko eskaintza egingo dio. Holdenek onartu egiten du, baina gauzak okertu egiten dira eta azkenean jipoitu egiten dute, eta horrek are gehiago deprimitzen du.
Biharamunean, hoteletik irten eta maletak geltokian uzten ditu. Sally Hayes izeneko lagun bati deitzen dio, eta elkarrekin antzokira doaz, eta ondoren patinatzera. Gauzak ez dira ongi ateratzen eta neskak negarrez alde egiten du etxera.
Gero Carl Luce izeneko lagun batekin geratzen da taberna batean. Pixka batean hitz egiten dute, baina honek alde egiten du, eta Holden tabernan geratzen da bakarrik, mozkortu arte edanez.
Mozkorraldia pasatzen zaionean, Phoebe hamar urteko ahizpa txikia ikusteko gogoa pizten zaio, eta gurasoen etxera isilka-misilka sartzea erabakitzen du. Gurasoak festa batera joan direla ohartzen denean, etxera lasai sartu eta arrebarekin hitz egiten du pixka batean, eta bere asmoen berri ematen dio: etxetik alde egin eta beste norabait joatea. Gurasoak festatik itzultzean, ezkutuan alde egiten du etxetik, eta irakasle ohi baten etxera jotzen du gaua pasatzera. Sofan lokartuta zegoela, irakaslearen laztanek esnatzen dute. Holdenek etxetik berehala alde egitea erabakitzen du, eta gaua metro geltoki batean pasatzen du.
Hurrengo goizean arrebarekin geratzen da, despeditzeko. Arreba zitara maleta batekin agertzen da, Holdenek alde egiten badu, bera ere harekin joango dela esanez. Holdenek ez du hau onartzen, eta arreba haserretu egiten da. Adiskidetzeko, Holdenek arreba zoologikora eta zaldiko-maldikora eramaten du. Arreba zaldiko-maldikoan biraka ikusten duenean zoriontsu sentitzen da Holden (liburuan lehenengo aldiz), eta gurasoen etxera itzultzea erabakitzen du.
Harrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zekale artean harrapaka etengabe egon da XX. mendeko nobela onenen zerrendetan. Argitaratu eta gutxira, The New York Times egunkarirako artikulu batean, Nash K. Burgerrek "ezohiko nobela bikain" gisa izendatu zuen[3].
William Faulknerren hitzetan, "gizarteratzen saiatu eta porrot egin zuen gazte baten istorioa da. Bere tragedia ez da nahikoa indartsu edo ausarta ez zela edo gizateriaren barnean onartzeko modukoa ez zela. Gizarteratzen saiatu zenean, gizarteak gizakitik ezer ez zuela deskubritzea izan zen bere tragedia"[4].
Gaurkotasunik galdu ez duen nobela da Finlo Rohrer BBC kateko kritikariaren ustez. 2009ko ekainean, argitaratu zenetik 58 urte pasata, liburua oraindik "nerabe izatea zer den definitzen duen lana" dela dio[5].
Argitaratu zenetik, 60 milioi kopia baina gehiago saldu dira, eta oraindik ere urtero eleberriaren 250.000 aletik gora saltzen dira munduan.
Zekale artean harrapaka pop kulturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herri kulturako lan ugarik egin diote erreferentzia eleberriari, arrazoi ugarigatik: Holden Caulfield protagonistaren erretratua[6]; nobelaren zintzotasun tonua; nerabeen eta gizartearen arteko tentsioa eta matxinada; eta Salingerren bakardade hautua[1].
Zekale artean harrapaka zineman
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zinean agerikoak dira, zeharka bada ere, Holden Caulfielden izaeran oinarritutako pelikulak, hala nola: Graduatua, Olerkari hilen elkartea edota Amerikar Edertasuna[7].
Zekale artean harrapaka musikan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musikan ere, ondorengo kantek eleberri hori dute oinarri: «We Didn’t Start the Fire» (Billy Joel), «Catcher in the Rye» (Guns N' Roses), «Get It Right» (The Offspring), «Shadrach» (Beastie Boys), «Who Wrote Holden Caulfield?» (Green Day), «6 Minutes» (Jonas Brothers), «Catcher in the Rye» (The Dandy Warhols), «Holden Caulfield» (El Piezas), «Teenagers» (My Chemical Romance)[7].
Hiltzaileen liburu kuttun?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bestalde, hainbat hiltzaile ospetsuk hartu izan dute liburua erreferentzia gisa. 1980ko abenduaren 8an, John Lennon hil zuen egunean, Mark David Chapmanek liburu horren ale bat erosi zuen eta "Hau da nire aitorpena" idatzi zuen bertan. Abeslaria hil ostean, eleberria irakurtzeari ekin zion, polizia iritsi eta atxilo eraman zuen arte[8]. Hiru ordu geroago poliziari egindako deklarazioan, Chapmanek aitortu zuen: "Ziur nago nire izatearen zatirik handiena Holden Caulfield dela, liburuko pertsonaia nagusia. Gainontzekoak deabrua izan behar du"[9]. 1981ean Ronald Reagan hiltzen saiatu zen John Hinckley Juniork adierazi zuen liburuarekin obsesionatuta zegoela. Robert John Bardok, 1989ko uztailean Rebecca Schaeffer aktore gaztea erail zuenak ere, berarekin zeraman Salingerren eleberri honen kopia bat[10].
Zentsura AEBetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1961 eta 1982 urteen artean, Zekale artean harrapaka AEBetako institutu eta liburutegietan gehien zentsuratu zen liburua izan zen[11]. Paradoxikoki, 1981ean Estatu Batuetako eskola publikoetan gehien zentsuratu zen liburua eta gehien irakurri zen bigarren liburua izan zen, biak batera[12].
Liburua zentsuratzeko erabilitako arrazoien artean hauek: Holdenen hizkuntza arrunta, sexu-erreferentzia ugariak, blasfemia, familiaren balioak ahultzea, matxinada sustatzea eta edatea, erretzea, gezurra, promiskuitatea eta sexu-abusua sustatzea[13].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Uranga, Amagoia Gurrutxaga. «Zekale artean harrapatuta» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- ↑ «J.D. Salinger - Zekale artean harrapaka» armiarma.eus/Elkar (Noiz kontsultatua: 2022-12-21).
- ↑ «Books of The Times» archive.nytimes.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- ↑ «Faulkner at Virginia: Transcript of audio recording wfaudio23_1» faulkner.lib.virginia.edu (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- ↑ (Ingelesez) The why of the Rye. 2009-06-05 (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- ↑ (Ingelesez) Yardley, Jonathan. (2004-10-19). «J.D. Salinger's Holden Caulfield, Aging Gracelessly» Washington Post ISSN 0190-8286. (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- ↑ a b (Ingelesez) Mills, Nancy. (2002-08-25). «Holden Caulfield's many pretenders / Protagonist of 'The Catcher in the Rye' is a continuing influence on Hollywood» SFGATE (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- ↑ Txantiloi:Es-CL «¿Por qué El guardián en el centeno es el libro favorito de asesinos famosos?» The Clinic - Reportajes, columnas, entrevistas y humor 2012-12-08 (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) Lorenzo, Manuel de. (2018-12-08). Cronología de un asesinato: de Mark David Chapman a Holden Caulfield - Jot Down Cultural Magazine. (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- ↑ «Curiosidades sobre El guardián entre el centeno > Poemas del Alma» www.poemas-del-alma.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- ↑ «Analysis Of The Catcher In The Rye By JD Salinger - 999 Words | Cram» www.cram.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- ↑ (Ingelesez) «Banned Books Awareness: “The Catcher in the Rye” by J.D. Salinger» World leading higher education information and services 2011-01-22 (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
- ↑ Frangedis, Helen. (1988). «Dealing with the Controversial Elements in "The Catcher in the Rye"» The English Journal 77 (7): 72–75. doi: . ISSN 0013-8274. (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Zekale artean harrapaka euskaraz, Iñaki Iñurrietaren 1991ko itzulpena. Armiarma.eus/Elkar.
- (Ingelesez) Liburuaren azterketa eta laburpena